ERAKUSKETA:
TRATU TXARREN ARRASTOA
Giza eskubideen urraketa guztien artean, beharbada larrienak haurrei dagozkienak dirateke. Pentsatu ohi ez bezala, urraketa hauek ez dira mugatzen munduko herrialde txirotuetako neskato-mutikoetara. Gurean ere badira halakoak pairatzen dituzten umeak. Adibidez, tratu txarrak eta sexu gehiegikeriak oraindik orain ezabatzerik lortu ez dugun bi gaitz ikaragarri dira.
AVAIM Tratu Txarrak Jasandako Haurren Aldeko Euskal Elkartearen Tratu Txarren Arrastoa erakusketak tratu txar desberdinak jasandako haurren 35 marrazki jartzen ditu ikusgai. Oso era plastiko eta zuzenean erakusten dute esperientzia traumatikoek sorrarazitako larritasuna eta amorrua. Halaber, haur eta nerabeen tolesgabetasuna bortxatzeak erakarritako oinazea gureganatzeko baliabide gisa aurkezten dira, helburua edozein tratu txar mota ezabatzea da eta.
