ADISKIDETZEA
Gerra gutxi dira komunikabideek luze-zabal eta xehe-xehe kontatzen dizkigutenak, iritzi publikoaren artean eztabaidagai bihurtzen direnak. Gatazka armatu gehienek apenas duten oihartzunik hedabideetan, nahiz eta gatazka horietako batzuk benetako genozidioak erakar ditzaketen; orduan, nazioarteko komunitateak beranduegi erreakzionatu ohi du. Halako axolagabekeriak eragin ditzakeen ondorio larrien adibide galantak dira Ruanda eta Sudan, besteak beste,.
Gerra pairatzen duten herrialdeek miseriarik gorriena pairatzen dute. Izan ere, gerra gehienek garapen bidean dauden herrialdeak hartzen dituzte oinpean, eta aldez aurretik zituzten eskasiak ankerki areagotzen dizkiete, txirotasuna eta gerra sorgin-gurpil beraren osagai biak izaki.
Halaber, gerra egoeran gertatzen dira giza eskubideen urraketa gehien eta larrienak: hilketak, gorputz atalen ebaketak, desagerpenak, jendeen lekualdatzeak, bortxaketak, umeak soldadu gisa erabiltzea… Gerran “bestea” etsai bihurtzen da, gauza bihurtzen, gizatasuna erauzten zaio.
Hogeita hamar gatazka armatu baino gehiago geratzen dira oraindik munduan gaur egun, gehienak Afrikan, eta nekez lortzen dute noizbehinkako informazio-tartetxo bat edo beste baino arreta gehiagorik. Nazioarteko komunitateak gogotik lan egin eta bitarteko gehiago eskaini behar du, gatazka horiek behingoz eten daitezen; ahaleginak eta bi egin behar ditu, bake prozesuak bultzatu eta gatazkaren aldeek borroka gaiak bortizkeriarik gabe bidera ditzaten, bai eta, ahal izanez gero, iraunkorki konpon ditzaten.
Gerran lurperatutako minen antzera, borroka bukatu ondoren ere ondorio latzek luze irauten dute; horietan, okerrena seguruenik gorrotoa izan ohi da. Urteen poderioz metatutako gorrotoa gainditzea arras zaila da, areago, hurrengo belaunaldietan txertatu eta iraunarazteko arrisku handia dago. Gerraren ondorengo egitekorik garrantzitsuena eta gaitzena, hortaz, adiskidetzea izaten da. Ez da mugatuko gatazkan zornatutako zaurien sendatze hutsa izatera, hura eragin zuten arrazoien gainditzea ere badakar: eraiki beharreko etorkizunak ezin du hartu bere baitan gatazka erakarri zuen ika-mika. Hartarako, ezinbestekoa da biktimei eragindako oinazea aitortu eta konpontzea, eta kolektiboki onartzea ez dagoela “aurkariaren” eskubideak urratzerik, ez eztabaida bide berrietan ez elkarbizitzarako markoetan. Etsaitzat ez jotzea “bestea”, eskubide eta erantzukizun berberak eskaintzen dituen marko beraren baitan bizi den hiritar kidetzat jotzea “bestea”: horixe da benetako adiskidetzearen azken helburua.
XX. mendeko laurogeita hamarreko hamarkada hasieratik, gatazka armatuen kopurua behera joan da. Honek erakarri dituen bake prozesu ugarik adiskidetzea izan behar lukete azken helburua. Bake Kulturaren Eskolaren datuek diotenez, hogeita hamar bake negoziazio baino gehiago dituela bukatu da 2006a.
Gatazka konpontzea lan korapilatsua da, ahalegin handia eskatzen du, jarraian eta luzaro eskatu ere. Prozesu nahitaez konplexu horien oztopoak gainditu ahal izateko, konpromiso politiko itzela behar izaten da, oztopook ez baitira, bada, nolanahikoak: aldeen arteko mesfidantzak, su-etenen hausturak edo eztabaidagaiei berei buruzko eztabaidak dira horietako batzuk, gatazka baten konponketa zailagotzen ahal dutenak. Gaur egun, bake prozesuaz bideratutako hogeita hamar inguruko gatazketatik, erdiek urtebete eta hamar urte arteko epea behar izan dute negoziazioak hasteko, eta beste erdiek hamasei urte baino gehiago daramate.
Adiskidetzearen bidea, azken finean, luzeena eta korapilatsuena da, eta konponezina, dagokion komunitatearen beraren inplikaziorik gabe. Lan hori bultzatzeko, instituzioek zein jendarte zibilak ekin behar diote.