MILITARISMOA
Apenas dagoen armadarik gabeko herrialderik, txiroenen artean ere, eta oso gutxitan izaten da profesionala. Gainerakoek formula desberdinetako soldadutza derrigorrezkoa ezarria dute. Armen industria munduko sektore ekonomiko inportanteenetakoa da, merkatu beltza izugarri zabala barne. Militarismoak, beraz, inperialismotik beligerantzia totalitarioraino, aurpegi asko dauzka, eta ez da inoiz desagertzen “defentsa politiketatik” (munduko ia armada guztiak defentsarako tresna gisa aurkezten dira, ez erasotzeko isilpeko hitzarmen moduko baten bermatzaileak direlakoan; erasoak, haatik, gertatu egiten dira beti ere). Militarizatu gabeko planeta baten utopia urruti dago, antza.
Azken hamarkadetan gerren kopuruak behera egin du munduan; halarik ere, hogeita hamar baino gehiago badaude oraintxe, Afrikan gehienak, herrialde aberatsetan ekoitzitako armez hornituak. Herri borondateak ez baina armadak sustatutako diktadurak eta estatu kolpeak ere militarismoaren adierazpenik okerrenetakoak dira.
Zeren eta militarismoa, ezer baino lehen, errealitatearen eta gizakiaren ikuspen murriztailea baita, agintea indarrez ezartzeko baliabidea. Alegia, indarkeriak gailen ditzakeen pertsonak apaldu eta zapaldu egiten ditu, demokraziaren eta aniztasunaren kaltetan.