LAN DUINA IZATEKO ESKUBIDEA
Giza Eskubideen Aitorpen Unibertsalaren 23. artikuluak hala dio: “pertsona orok du lan egiteko eta lana askatasunez aukeratzeko, lan baldintza egoki eta asegarriak izateko, eta langabeziaren aurka babesteko eskubidea”.
Hala eta guztiz ere, mundu osoko milioika lagunen lan baldintzak ezin urrutiago daude artikuluak aldarrikatuaren egoeratik. “Lan baldintza egoki eta asegarriak” bilatzeadago planetako olde migratzaile gehienen jatorrian. Fenomeno geldiezina da, eta ez batere harritzekoa, hainbat eta hainbat herrialde txirotutan dauden zailtasunak ikusirik: bertako herritarrek bizimodu hobea lortu nahi dute lan egiteko aukera dagoen herrialdetara joanda.
Maiz, haatik, herrialde aberatsetaraino iristea lortzen duten pertsonek inondik inora espero ez zuten lan baldintza latzak onartzera derrigortuak daude, beharrak eraginda ez ezik, lehengo egoeraren aldean diru sarrera gehiago ere izaten dutelako. Honek ez lituzke inola zuritu behar pertsona hauek pairatzen dituzten ezegonkortasuna, ordain eskasa eta, frankotan, begien bistako abusua ere.
Dena den, eta aldeak alde, herrialde aberatsetako lan merkatua ez da inorentzat problemarik gabea. Azken hamarkadotako malgutasun gero eta handiagoa eta lan kostuen merkatzea lanaren ezegonkortasun nabariarekin batera zabaldu dira, etorkinez gain gazte eta emakumeen kalterako, batez ere. Sektore askotan, emakumeek soldata gutxiago jasotzen dute lan berbera egiteagatik; langabezia tasa askoz ere handiagoa da proportzionalki, eta ardura edo zuzendaritzako lanpostuetara nekez iristen dira.
Gazteek, berriz, maiz onartu behar izaten dituztenez ordain oso eskas -edo batere- duten praktika aldiak edota etengabeko behin-behineko kontratuak, oro har, independentzia ekonomikorik ezean, etorkizuneko bizimoduaren proiektuak gauzatzeko kili-kolo ibiltzen dira.
Lan eskubideen murrizketa hauen artean aparteko aipamena merezi du lan ezbehar-kopuruak, urterik urte zifra ikaragarri altuei eusten baitie. Zifrok ulertzeko, kontuan hartu behar dira behin-behinekotasuna eta ezegonkortasuna, bai eta aurrezaintzan eta segurtasunean aurrezten diren dirua, denbora eta esfortzua ere. Arrazoi horiei gehitu behar zaizkie gehiegizko ordutegi eta lan erritmoak. Horri guzti horri batzen zaio lan eskubideak aldarrikatzeko beldurra, kaleratzea merke eta azkar egiten da eta.
Ekonomia berriaren erronkei lotutako lan erreformak ez luke erakarri beharko hainbeste denbora kostatutako eskubideak murrizterik. Aitzitik ere, hiritar guztientzat lan baldintza duinak arautuko dituen itun sozial handi bat sustatu beharra dago.