NAZIOARTEKO TERRORISMOA
2001eko irailaren 11n bi bidaiari-hegazkinek New Yorkeko Dorre Bikiak eraitsi, beste batek Pentagonoaren kontra jo eta beste batek Pennsylvanian behea jo zuenean, terrorismo islamistak lortu zuen, ia hiru mila lagun hiltzeaz gain, planeta osoan ikaragarriko oihartzuna, eta mundu osoari erakutsi zion suntsitzeko eta ezegonkortasuna eragiteko ahalmen neurrigabea duela.
Oraindik orain nabarmenak dira atentatuaren ondorioak nazioarteko harremanen maila guztietan. Bushen administrazioaren esku-hartze belizistak, adibidez, terrorismoa borrokatzen duelakoan, estrategia lausotu bati bere kasa ekin dio, Afganistanen lehenik, eta Iraken gero, mundu osoak aurkakoa eskatu arren entzungor, gudan hasi eta orain nola bukatu asmatzerik ez dago. Estrategia lausotua, helburu garbirik ez duelako, eta bilatzen dituen asmo guztiak, ekonomikoak eta geopolitikoak batik bat, argi eta garbi esaten ez direlako; areago, borrokatzen omen zuen terrorismo berbera handitzen eta zabaltzen lagundu du.
Alegia, ez dirudi gaur mundua 2001ean baino seguruagoa denik. Gaur egungo tentsioa baretzeko, beharrezkoa da, estatubatuar kanpo politika birbideratzea batetik, eta planetako eskualde gatazkatsuenetako problemei ere seriotasunez erreparatzea, bestetik.