Zinea eta giza eskubideen iv. Topaketak.

DIKTADURA ETA ERREPRESIOA

Diktadura eta errepresioa estu loturik daude, hain estu ezen txanpon beraren bi aldeak direla esan baitaiteke. Diktadura orok, botere absolutua iraunarazi nahian, errepresioa erabiltzen du. Askatasuna, aniztasuna eta hauek adierazteko hiritarrek izan ditzaketen bitarteko politikoak, sindikalak, hedabideetakoak eta abar ezabatzea da molde guztietako erregimen diktatorial guztien lehentasuna. Alegia, bizirauteko, diktadurei errepresioa berezko zaie; hala, denon onuraren bermatzaileak direlakoan, bortizkeriaz denon onura ez baina gutxiengo batek gainerako guztiei bere interesak eta ideologia baizik ez diete inposatzen. 

XX. mendea diktadura ugariren lekuko iluna izan da, mota askotako diktadurena, izan ere; denak, ordea, batu egiten dira gauza bakarrean: demokraziari uko egitean. Paradoxa izugarria da, gero, maiz demokrazian gobernatutako herrialdeak izan direla munduko edozein bazterretan diktadurak eragin dituztenak, beren interes ekonomiko eta geoestrategikoak babestearren.

Dena den, kanpoko herrialdeek eraginda edo ez, diktadurak oligarkia pribilegiatu batek zuzenduak izaten dira, armadaren sektore antidemokratikoen edo paramilitarren laguntzaz erregimen diktatoriala bortizkeriaz bermatuak; areago, askotan eta askotan boterea estatu kolpez edo indarkeriaz eskuratua dute. Polizia-gorputzek gupidarik gabe zabaltzen dute ikara egunerokoan. Disidenteen jazarpenek, espetxeratzeek eta hilketek erregimenaren ezein oposaketa ezabatzea eta borrokatu nahi dutenei asmoa kentzea bilatzen dute.

Errepresio bortizkeriaren erarik doilorrenetakoa tortura da, hots, pertsonei aldez aurretik erabakitako sufrimendua modu sistematikoa eragitea. Beharbada gizakiak egin dezakeen gauzarik nardagarriena da, perbertsoena. Gainera, torturatzaileen sadismotik harago, ez da inoiz alferreko lana izaten, zeren eta jasanezinezko min eta umilazioa ezartzeak hiritar libre bezala ez ezik gizaki bezala ere makurrarazi nahi ditu pertsonak; alegia, erabat ezabaturik, bizirik hil egiten dituzte.

XX.eko diktadura franko erori dira, haien aurka altxatzera eta borrokatzera ausartu zirenen ahaleginari esker erori ere. Gaur egun, gizarte demokratikoen derrigorrezko egitekoa da jazarpena, tortura eta heriotza ere jasandako pertsonen aitortza eta omenaldia. Derrigorrezkoa, hainbeste min eta oinaze eragin zutenen prozesamendu penala eta aho bateko kondena, oraindik posible den kasuetan. Zeren eta ezein gizartek ezin baitu, ez gizon-emakume errugabeak ahantzi, ez eta basakeria zigor gabe utzi ere.