AFRIKA: USTIAKUNTZA ETA KANPO ZORRA
Afrika ahaztutako kontinentetzat jotzen da maiz. Munduko lekurik txiroena da, gatazka armatu gehien pairatzen dituena, pandemiek eta goseteek zigortuena, eskolaratze eta osasun arreta indizerik apalenekoa, azken finean, bizi itxaropen gutxien eta giza eskubideen urraketa gehien dituen lekua.
Afrikar kontinentearen egoera dramatikoa ez da gaur egungo kontua, aspalditik datorkio. Atzerritar potentzien ustiakuntza gupidagabea afrikar baliabide humano zein naturalen gainean eraiki zen; hari esker garatu ziren haien inperio kolonialak eta beraz -esan beharra dago-, hein handi batean gaurko ongizatea ere. Kolonialismo hondatzailea gainetik kentzea izan zen, urtetan eta urtetan, afrikar herrien nahikunde nagusia. Askatasuna lortu orduko, berriz, ustiakuntza kolonialak ordena politiko, ekonomiko eta sozialean utzitako ondorio larriei aurre egin behar izan zieten; izan ere, bidegabekeriak jarraitu egiten zuen, aldaketak izanagatik, eta jarraitzen du oraindik ere.
Hain zuzen, lehengo metropoliek jarraitu zuten, eta jarraitzen dute, erabateko eragina izaten garapen bidean dauden herrialdeen gainean, interes ekonomiko eta geopolitikoak mantendu eta bultzatzearren. Areago, afrikar ekonomia zigortua herrialde aberatsen menean dago, haiek baitira, ekonomia gero eta globalizatuago honetan, afrikar kontinentearen agenda makroekonomikoa erabakitzen dutenak. Azken berrogei urte honetan, Mundu Bankuak eta Nazioarteko Moneta Fondoak kudeatu dituzte norabide ekonomikoak. Erakunde biok, Garapenerako Afrikar Bankuarekin batera, ia beti ezarri dituzten neurriek helburu bera izan dute, afrikar ekonomiaren azpiegiturazko erreforma handiak eragitearren, inflazioa kontrolatzea eta lehen gaien esportazioa, azken honen etekinak kapitalizatzeko eta industrializazioari poliki-poliki ekiteko asmoz.
Aitortu beharra dago, haatik, politika ekonomiko hauek erabateko porrota izan direla. Ikusi besterik ez dago nolako egoera negargarrian dagoen Afrika (latinamerikar edo asiar eskualde handietako berbera, egia esan), non jende gehienaren bizi baldintzek okerrera egin duten, duela hamarkada batzuetako baldintzen aldean. Honatx datu bat, beste askoren artean hartua: Saharaz hegoaldera, bataz besteko kontsumoa laguneko baxuagoa da orain 1970ean baino.
Dena den, orain arte afrikar kontinentean aplikatutako garapen ekonomikorako neurrien kontraesanak azaltzeko tenorean, nekez aurkituko da kanpo zorrarena baino adibide hoberik. Kanpo zorraren jatorria metropoliarekiko menpetasun ekonomikoan dago, esportatzen zituzten mea eta nekazal produktuen ordaina ez zen haiei erositako manufakturena bezainbestekoa. Bien arteko aldea berdintzearren, kanpoko kapitalari maileguak eskatu beharra zegoen, eta diru harekin azpiegituren eraikuntzari eta industrializazio lehen faseari ere ekin behar zitzaien. Egiteko hauek biok, jakina, metropolietako enpresen esku geratzen ziren. Kontua da proiektuak, huts eginagatik, berdin ordaindu behar zirela, aurreikusitakoa baino askoz ere garestiago ordaindu ere. Horren guztiaren ondorioz, zorra handiagotu egiten zen.
Garapen bideko herrialde askotako zorra ikaragarri puztu zen 60 eta 70eko urteetan, petrolioaren salneurriak handitzearekin batera. Izan ere, petrolioaren krisiak inportazioen garestitzea, batetik, eta lehen gaien salneurrien beherakada itzela, bestetik, erakarri zituen. Harrez geroztik, zorpetutako herrialdeek mailegu berriak eskatu behar izan dituzte lehengo zorrak, eta hauei atxikitako interes tasa neurrigabeak, kitatzeko. Kalkulatzen denez, Saharaz hegoko afrikar herrialdeek jatorrizko zorraren halako 2,5 ordaindu duten arren, zama astun hori gainetik ezin kendurik dabiltza.
Zorraren arazoari beste bat gehitu behar zaio: herrialde aberatsek beren nekazal eta abel produktuei ematen dizkieten laguntzak. Neurri hauek areago apaltzen dituzte salneurriak nazioarteko merkatuan, esportazio horien menean bizi diren herrialde afrikarren kaltetan nagusiki.
Honen guzti honen ondorioz, garapen bideko herrialdeek zorra ordaintzera desbideratzen dituzte aurrekontuen zati handiak, herritarren gutxieneko beharrak asetzera dedikatu beharrean. Afrikar herrialdeen erdiak baino gehiagok gehiago gastatzen dute zorra ordainketan herritarrentzako osasun arretan baino, kasu batzuetan halako lau gastatu ere! Fondoen desbideraketa hauen ondorioak ezin latzagoak dira. Adibidez, UNICEF-en datuen arabera, 500.000 ume inguru hiltzen dira urtero zorrak eragindako osasun baliabide eskasiagatik.
Zorraren zatikako nahiz epekako kitapenak (hauek ere, NMF-ren oniritzia jasotako herrialdeetan soilki) ez dira, azken finean, egiteko saihestezin bat baizik. Hain zuzen, horrela jokatzean, herrialde aberatsek zorpetutako herrialdeen ordaintzeko ezina aitortzen ari dira, nola edo hala. Beraz, argi eta garbi aditzera ematen ez bada ere, ustez garatzen laguntzeko asmoz sortutako eredu ekonomikoaren maltzurra salatzen dute kitapenok, eta eredu hori bestelako neurriek ordeztu behar dutela, hainbat herrialde behin betiko txirotasunean iltzaturik geratuko ez badira.