DUINTASUNEZ HILTZEKO ESKUBIDEA
Heriotza etorri datorrelarik, hiltzeko ordua aukeratzeko ideiak Antzinarotik hona gogoeta franko eragin baditu ere, azken hamarkadotako medikuntzaren aurrerapenek eztabaidagai bilakatu dute kontu hau, herrialde aberatsetako jendarteetan batez ere, hots, gainbehera atzeraezina izanagatik ere bizitza luzatzeko baliabide gehienak dauden tokietan.
Eutanasia (hitzez hitz, “ongi hiltzea”) gaixotasun terminal edo atzeraezin batek jotako norbaiten bizitza bukarazteko ekintza medikoa da. Hortaz, bereizi beharra dago lagundutako suizidiotik, zeina baita gaixoari bere burua hiltzeko beharrezko bitartekoak eskura jartzea.
Eutanasia gai polemikoa da, polemikoa denez, osasun publikoa, osasun pribatua, printzipio moralak (erlijiosoak edo ez) eta lege-arautegia hartu behar baitira kontuan. Gaur egun, arazoa labur azaltzearren, hala aurkez daiteke egoera: eutanasia Belgikan, Holandan eta Estatu Batuetako Oregonen beste inon ez da legala, beste herrialde askotako iritzi publikoak gero eta gehiago haren onarpenaren eta legeztapenaren alde egiten duela esan badaiteke ere. Gauza jakina da, gainera, ospitaleetan gero eta arruntago dela isilpeko eutanasiaren praktika, gaixo terminal zenbaiten kasuetan behinik behin, beraiek eskaturik eta heriotza arintzearren, medikuntzaren profesional askok eta askok aitortzen dutenez.
Erlijioak arau moralak ezartzeko hegemonia galdu duenez geroztik, eutanasia bezalako gaiak jarrera desberdinetatik jorratzen dira iritzi publikoan. Ezbairik gabe, eutanasiaren aldeko argudio nagusia autonomia pertsonalarena da, alegia, batbederaren bizitza bukatzea bezalako barne-barneko erabakiak hartzeko eskubidearena. Bestalde, eutanasiaren aurka daudenek egoera ahuleneko edo erabakitzeko gaitasun gutxieneko pertsonen babesa argudiatzen dute, besteren artean.
Halarik ere, gaixoaren baimenik gabe eutanasia ezar lezakeen sistema baten akatasak saihestearren, badago baliabide bat, bizi testamentua, zeinaren bitartez gaixoak argi eta garbi adieraz baitezake zein den bere gogoa egoera terminal batean edo jasanezinezko sufrimenduan eroriz gero. Halaber, eutanasia pertsona baten gogoaren bortxan aplikatzeko arriskua desagertu egiten da aldez aurretik askatasunez, argi eta garbi eta behin eta berriro eskatua izan bada. Halakoetan ere, batzuen ustez berdin jarraituko lukete indarrean eragozpen etiko eta legalek, hala nola giza bizitzaren balio absolutuak edo “hiltzeko eskubidean” oinarritutako ordenamendu juridiko ezak.
Adibidez, eutanasia legeztatzearen alde gero eta jende gehiago dagoen esparru batean, Europar Batasunaren baitan, Europar Legebiltzarrean 1999an onetsitako 1.418. Gomendioak, nabarmen murriztailea izanagatik, indarrean jarraitzen du. EBko Arazo Juridiko eta Giza Eskubideen Batzordeak uko egin dio berriki gomendio hau berraztertzeari, Gizarte, Osasun eta Familia Gaietako Batzordeak proposatuagatik.
Eztabaida politikoak eta hainbat auzitegietatik emaniko epai desberdinek, arazoa alde batera edo bestera argitu beharrean, gai bereziki sentibera dela besterik ez dute uzten nabarmen, gaur egungo bizimoduaren arlo desberdinetan gertatzen ari diren aldaketa sakonen isla.