UR EDANGARRIA, GIZA ESKUBIDE
Munduko zibilizazio guztiz gehienetan, ura fundazio mitoen protagonistatzat hartzen da. Genesian zein Koranean, Hesiodo, Homero egiptoarrenetan, azteka edo Taoren baitan, denetan agertzen da ura bizi-iturri. Ura bizia da.
Hala eta guztiz ere, ura baliabide ia eskuraezin bihurtzen zaio gizateriaren parte handi bati. Munduko populazioaren herena ur eskasiak jotako herrialdetan bizi da, eta 2025an kopuru hori bi herenekoa izan daitekeela kalkulatzen da. Gaur egun munduan 1.100 milioi lagun baino gehiago dira edateko, garbitzeko, sukalderako edo saneamendu gutxieneko beharrak asetzeko ura erregulartasunez eskura ez dutenak. Hori dela eta, bost milioi lagun hiltzen dira urtero, horietarik bi milioi ume direla, hil ere.
Paradoxa latza da gero, ura gertatzea garestien nori eta txiroenei. Garapen bideko herrialdeetan, maiz gutxieneko osasun baldintzarik ere ez duen ura lortzeko, familiek diru sarreren % 20 - 30a gastatzen ahal dute.
Hamarkada asko dira jada hauxe dela txirotasunaren eta azpigarapenaren adierazlerik ankerrenetakoa: hainbat herrialdetan ur eskuragarritasun iraunkorraren gabezia. Eta aspaldiko urteotan arazoa larriagotu egin da. Gaurgero nazioarteko foroetan iragartzen da uraren mundu mailako krisi handi bat, petrolioaren adinakoa, edo are handiagoa; beraz, ura munduan gatazka ugari erakar ditzaketen eztabaida ekonomiko eta politikoen sorburu izan daitekeela aurreikusten da.
Hain zuzen, toki, nazio, eta nazioez gaindiko instituzioetako agendetan gero eta nabarmenago azaltzen da uraren arazoa. Halaber, berandu eta poliki-poliki bada ere, iritzi publikoa eta nazioarteko komunitatea arazoaren premiaz eta larriaz jabetzen hasiak dira, eta horien araberako erantzunak emateko neurriak hartzen. Izan ere, arazoa ez datza ur baliabide osoetan, aski baitira, politikoek gaiari ematen ahal dioten lehentasunean baizik.
Zeren eta uraren mundu mailako krisia, ezer baino lehen, uraren kudeaketaren krisia baita. Aurrerapen teknologikoei esker, egun uraren ustiaketa eta tratamendua gizateri osoari bermatzen ahal zaio, merkatu arauetatik harago bermatu ere.
Aitzitik, uraz hornitzeko helburuak bere baitan hartu behar luke, konpromiso etikoaz gain, epe luzeko inbertsioari dagokion ikuspegi ekonomikoa, orain gaixotasunek eta eskasiak ahuldutako herrien osasuna ez ezik hazkunde ekonomikoa ere ekarriko luke eta.
Jardunbide ekonomikoek ere badute eragina uraren hornidura unibertsalean: hein batean berotegi efektua eragiten duten gasen isurtzeak erakarri du klimaren aldaketa, komunitate zientifikoak ia aho batez aitortzen duenez. Kutsadura horrek ikaragarrizko ondorio kaltegarriak izan ditzake munduko eskualde askotako ur baliabideetan; egia esan, horietako asko eta asko pairatzen ari dira ondoriok jada.
Nekez esan liteke, hortaz, gehiegikeria dela funtsezko baliabide honen inguruan sortzen ari den kezka. Ez zaio halabeharrez urari eta garapen iraunkorrari eskaini datorren Nazioarteko Erakusketa (Zaragoza 2008). Uraren mundu mailako krisia konpontzea ez da besterik gabe lehentasunezkotzat jo Nazio Batuen Programa Garapenerako (NBPG); alderantziz: hori lortu ezean, ez da gaindituko MGH-k, hots, Milurtekoaren Garapen Helburuek giza garapenerako duen oztoporik potoloenetakoa. Horregatikaurkitzen da Helburu horietakoen artean 2015erako ur edangarri iraunkorrik eskuratzerik ez dutenen kopurua erdira murriztea. Argi eta garbi dago, aldez aurretik uraren gutxieneko beharra asetzerik ez bada, alferrik dela beste ezein garapen mota aurrera eramaten tematzea, ez baitu biderik egingo.
Horixe du aztergai, bada, Nazio Batuen azken Giza Garapenerako Txostenak. 2006an aztertu du uraren arazoa, ikuspuntu askotatik eta munduaren luze-zabalean aztertu ere. Baitezpadako konklusioa du txostenak: “ur seguru eta eskuragarriaren hornidurak funtsezko giza eskubidea izan behar lukeela”. Ura eta giza eskubideak elkar loturik azaltzeko ikuspegi hau da, hain zehatz, mundu osoan eta era integralean arazoari heltzeko konponbidearen giltzarria, ura ekonomia globalizatuaren agintepean behin betiko buka ez dadin.